Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aitzbarna Elkarteko batzarraren emaitzak.(9)

Aitzbarna Elarteak egin berri duen batzarrean hartutako erabakiak dira hemen azaltzen ditudanak. Abenduko 18-an Hitza egunkariak argitaratutakoak dira eta ezer aldatu gabe oso osoan kopiatu dut orri honetan.

Jon Egiguren ---------------------------------------------------------------------------------------------------

Aitzbarna Elkarteak ez du onartu Gotzaindegiak bidali duen proposamena.

Erantzun moduan, proiektu bateragarri baten proposamena bidali dute kultur elkartekoek Gipuzkoako Gotzaindegiak joan den astean Kultur Etxeko auzia konpontzeko proposamena helarazi zien Aitzbarna Kultur Elkarteko kideei, euren ustez irtenbiderako beharrezko diren baldintzak ezarriz eta Aitzbarnaren eta Zestoako Udalaren onespena eskatuz.

Ez Udalak eta ez kultur taldeak ez dute onartu Gotzaindegiaren proposamena, eta erantzun moduan beste proposamen bat bidali diete bueltan.

Hiru hilabeteko epea

Gotzaindegiak helarazi duen idatziaren arabera, Aizarnako Parrokia bikario-etxearen jabe izanik, Aitzbarna Kultur Elkarteari hiru hilabeteko epea ematen diote, eurek proiektua prestatu bitartean, orain arte erabili duten eraikina erabiltzeko. Epe hori amaituta, Aitzbarnak Parrokiari utzi beharko lioke lokala, hark diseinatutako proiektua gauzatu ahal izateko.

Akordio hori sinatzeaz, Aitzbarnak 100 euro ordaindu beharko lituzke epe horretaz kanpo eraikinean pasatzen duten egun bakoitzeko. Emandako epean joan ezean, Aitzbarnak, gainera, sortuko lirateken epaiketa kostuak beregain hartu beharko lituzke.

Bestalde, Aizarnako Parrokiak, proiektua amaitzean, eta horretarako lekua soberan izanez gero, Zestoako Udalari emango lioke eraikinaren zati bat erabilera sozialerako. Beraz, hitzarmen hau egingo duten proiektuaren araberakoa izango da, eta Parrokia izango da erabakia hartzeko ahaldun bakarra.

Guztien arteko proiektua

Aitzbarna Kultur Elkarteak, Zestoako Udalaren babesarekin, beste proposamen bat helarazi dio Gotzaindegiari, hark bidalitakoa, bere horretan, «onartezina» delako. Proposamen horretan argi eta garbi eskatzen dute Azpeitiko Epaitegiak emandako epaia ez dadila bete, «elkartea ixteak herritarren artean sor dezakeen gatazka izugarria litzatekeelako eta inori ez liokeelako onurarik ekarriko».

Aitzbarna Kultur Elkartekoek adierazi dutenez, «proiektua zein den jakin artean, ezin dugu konpromisotan sartu eta ezin dugu sinatu euren proposamena». Aizarnarrentzat irtenbide bakarra «Aizarnak dituen behar errealei begiratu eta Parrokiko Taldearen, Aitzbarna Kultur Elkartearen eta Guraso Elkartearen arteko proiektua» da.

Aizarnako Parrokiak eta Gotzaindegiak, legalki eta epaiak berretsi bezala, edozein unetan hustu dezakete eraikina, legalki beraiek baitira jabeak. Baina, Aitzbarnakoen ustez, «gogorra» litzateke negoziaziorik gabe Kultur Etxea ixtea.

Olatz Prat

Hitza egunkariak argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>