Aitzbarna elkartearen arazoak ( 4 )
Aizarnako Aitzbarna Kultur Elkartea eta herriko apaiza epaitegira iritsi dira Azurmendik apezetxeko lokala uzteko eskatu arren, herriarentzat izan behar duela diote aizarnar gehienek.
Aizarnako herritarrak Azpeitiko Epaitegi aurrean bildu dira gaur eguerdian azkenaldian herria hankaz gora jarri duen kontuan atal berri bat irekiz. Gauza da, azken urteotan Aitzbarna Kultur Elkarteak apezetxeaz zuen lokala Prudentzio Azurmendi erretorearena dela eta azken honek elkarteari lokal hori uzteko eskatu diola behin eta berriz. Bere eskaera hori betetzen ez zela ikusita, epaiketaren bidea hautatu du, azkenean, Azurmendik.
Aspalditik datorren kontua da. Elkartea 1971. urtetik dago etxe horretan eta herritarrek adierazi dutenez «azken ia 40 urtetan herriarentzako lokala izan da, 125 bazkide gaude eta herrian sortu diren ekimen guztiak hortik atera dira». 2002. urtean hitzarmena sinatu zuten elkarteak eta parrokiak eta 2005era arte han egoteko baimena lortu zuten, ondoren, kontratua luzatzeko aukerarekin. Baina, 2005ean parrokiak ez zuen luzatzerik nahi izan, eraikin horren gainean beste proiektu batzuk zituelako: «beheko solairuan apaizarentzako etxea egingo luke, lehenengo solairua elizarentzako izango litzateke eta goiko solairuan etxebizitzak egin eta salduko lituzke» herritarren arabera.
Aizarnarrak haserre daude, ordea. «Herrian dagoen eraikuntzarik dotoreenetakoa dena herriarentzat izan beharko luke, azken finean jabea parrokia izanik ere, bere garaian, herritarrek eraikitakoa delako. Ez du zentzurik esku pribatuetan gelditzea, are gutxiago, inongo beharrik ikusten ez dugun planteamenduetan. Ez dugu nahi hor etxebizitza pribatuak egin eta lokal hori gabe gelditzea».
Lokal hori uztearen truke, hutsik gelditu den eskola zaharraren eraikina esakini diete elkartekoei. Baina, herritarrek zera eskatu dute: «eskola zaharren erakina beraiek hartzea eta han egitea etxebizitza horiek, guri orain arteko lokala utziz».
Txukunketa baimenak Urtarrileko azken batzarrean elkarteak erabaki zuen «tinko mantendu behar» zutela eta eraikina «egoera eskasean» zegoenez, berrikuntza batzuk egitea erabaki zuten. 2002an sinatutako hitzarmen horretan agertzen zenez, baimenik gabe Elkarteak ezingo zuen inolako obrarik egin. «Orain arte berrikuntzak proposatu ditugunean ukatu egin digu baimena Azurmendik. Beraz, obrarik egin gabe txukunketa lan batzuk egin genituen: arraska aldatu, paretak txukundu eta armairu berri bat jarri, esaterako. Bertan zegoen antzinako aulki bat gora eramateko eskatu genion han armairu berria jartzeko, baina, ezetz esan zigun». Horren aurrean, lanak baimenik gabe ezin zituztela egin eta bide judiziala hartzea erabaki zuen apaizak.
Irtenbidea epailearen esku Elkartea ez da gaurko epaiketara agertu. Azurmendiren abokatuak adierazi duenez, «negoziatu nahi izan dugu, beste eraikinera aldatzeko denbora eskaini zaie, epaiketan euren iritzia azaltzeko aukera eman zaie eta ez dute aprobetxatu nahi izan. Eskua eskaini zaie eta besoa hartu nahi izan dute. Zestoako udala eta gotzaindegia hitz egiteko prest agertu dira arazoari irtenbidea emateko».
Udalak eskola zaharreko eraikina eskaini diela adierazi du, «2002an hitzarmena sinatu zutenean, bazekiten 2005ean handik alde egin beharko zutela, baina ez dute nahi izan eskola zaharrera joatea, oraingo lokalean doan eta ezer ordaindu gabe daudelako eta eraikin berriak kostu batzuk ekarriko lituzkelako». Abokatuak gaineratu du, «euren haserrea ulertuko litzatekela beste tokirik izango ez balute, baina, hiru solairuko etxea dute osorik beraientzat».
Legearen aurrean elkartea etxe horretan egotea «nire etxera sartzea bezala da, eliza erakunde pribatua baita eta etxe horren jabe bakarra» dio abokatuak.
Arrazoi hori medio, Aitzbarnakoek bazekiten juridikoki ez zutela ezer egitekorik, baina, euren desadostasuna azken muturrera eramateko asmoa agertu dute.
Azkenean, epaileak datozen egunetan, zantzu guztien arabera, apaizaren aldeko epaia egingo du, abokatuaren arabera «are gehiago epaiketara agertu ez direnean» eta datorren irailaren 21erako ipini dute kaleratze data.
HITZA EGUNKARIAK ARGITARATUA