Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Aitorlekuak

Danbolin webguneak duen komunidadean argitaratua

Ezer baino lehen esan behar erlijioaren aurka ez dudala ezer eta honen barruan bizi direnei errespetu handia diedala, gehienak jokabide zuzena dutelako. Baina horrek ez nau baldintzatzen nik sinetsi ezin ditudan dogma edo arauak kritikatzeko, gizarte libre batek kritikak onartzen jakin behar du, inor iraindu ezean eta ez da hori nire asmoa.

Egiten ditudan bidaia guztietan elizak ikustea asko gustatzen zaidala esan beharra daukat, herri txikia edo handia izan eraikuntza dotoreenetako batzuk berauek direlako gehienetan eta barrena ikustea izaten da nire bidaietako gozamen bat, asko ikasten baita berauek bisitatuz.

Nire lehenengo begirada erretaulari egiten diot, bigarrena korura organorik baduen edo ez jabetzeko, hirugarrena aitorlekuei eta hauek bat baino gehiago izaten dira askotan. Eliza batzuetan nahiko altzari sinpleak ikusten dira, baita dotoreak ere tailaz egoki landutako irudiekin apainduta. Dotorea edo sinplea denak helburu berdina izan dute gizaldietan zehar, bataiatu ondoren egindako bekatuak barkatzea aitortza sakramentuaren bitartez.

Hauei begira nagoela, nire eskola garaiko aitortzak gogora etortzen zaizkit oraindik, aitortzeko nahiko bekaturik ez eta asmatu egin behar izaten nituen askotan: amari kasurik ez egitea, txokolatea arrapatzea, elizan atzera begiratzea, gezurrak esatea eta abar. Denak aitortu ondoren beti galdera bat egin ohi zuten; zure gorputzarekin egiten duzu bekaturik? Nik beti ezetz esaten nuen, ez bainekien zer esan nahi zuen horrekin , nik gorputza jolasteko bakarrik bainuen adin horretan.

Ondoren beste gauza batzuk pentsatzen hasten naiz eta atzera ez dago asko joan beharrik herri osoa altzari hauetatik pasatzen zen garaia ezagutzeko. Mutiko, gazte,ezkondu eta zaharrak denak altzari hauetatik pasatzen ziren eta pentsatu besterik ez dago zenbat informazio biltzen zuten, bakoitzak ezkutuan zuen bizimoduaz.

Nik askotan pentsatu ohi dut informazio guzti hau infernuaren beldurrez lortzen zutela eta informazio honekin herria beren nahierara gidatzen zutela, beraz bekatuak barkatzeko bakarrik ez zutela erabili sakramentu hau. Gaur egun Googlek duena baino informazio gehiago zutela esango nuke.

Jainkoak barkatu behar eta horretarako apaiza bitarteko jartzen zuen elizak, bitartekaria zertarako behar zuen Jainkoak, dena ikusi eta barkatzeko ahalmena izanik. Dena den gaur egun aitortzak taldean egiten dira bitartekaririk gabe alegia.

Aldaketa hau etorri da, baina ez elizak egin duen aldakuntzagatik,infernuaren beldurrak kanporatu bezain azkar jendeak bere ezkutuko bizimodua altzari hauetan kontatzeari uko egin diolako baizik.

Laburbilduz hauxe da nik pentsatzen dutena altzari hauei begiratzean: elizak asmakizun ikaragarria egin zuela altzari honekin eta bere helburua ez zela bekatuak barkatzea bakarrik izango, herritarrak ezagutu eta kontrolatzen ahalegintzea ere bai.

Garaiak aldatu dira eta sakramentu hau hartzeko era zer esanik ez, eta hutsegite handirik gabe esan nezake gaur egun eliza barruan gutxien erabiltzen diren altzariak direla hauek.

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>