AGUR BAT IGARO DEN 2018 URTEARI
Igaro den urtea agurtu eta sartu garen 2019. urteari ongi etorria egitea ohitura bihurtu da niretzat. Aizarnari begira egin ohi dut gehienbat, dena ere nire ikuspegitik begiratuta jakina.
Hasteko esan behar, urtean zehar normaltasuna gailendu dela gure herri txiki honetan. Normaltasun honen barruan tirabira batzuk ere ikusi ditugu, adibidez: pinudiak garraiatzeko kamio handiek herria zeharkatzerakoan sortu dituztenak. Batzuk segurtasuna bermatzea zela helburua esan dute; pinudien jabeek berriz, lehen ekoizpen eskasa dutela eta neurri hauek kalteak ekartzen dizkietela argudiatu dute.
Iritzi bat ematera ausartuko naiz eta esan behar landa eremuetako ekoizpena oso eskasa dela. Laguntzak merezi dituzte krisialdia gainditzeko, eta oztopoak ez du laguntzen horretan; beti ere kamioilariak errepideetako arauen barruan ibilita jakina.
Tirabirekin jarraitu eta argiteria berriarekin ere kexak ikusi ditugu herrian, kalean oso argi eskasa dagoela argudiatuz. Lehen argiteria dotorea zuen Aizarnak, orain zerbait gutxiago argitzen dute farola berri hauek. Ea lanak amaitutakoan nahiko argi izaten duten Aizarnako kaleak.
Urtean zehar ospatzen ditugun jaiak ere ez dute hutsik egin: Amabirjinak, Pazko jaiak, Txerri bodak, Santomasak eta abar. Azpimarratzekoa Beñat eta Benantxion omenez egin den mendi martxa. Jende ugari hurbildu zen ibilaldi honetara, mendizaleek egun borobila igaro zuten Aizarnan.
Baita ere elizako organo zaharrarekin antolatu diren kontzertuak erantzun bikaina izan dute. Tresna zahar berezi hau estimatzen hasiak dira organo joleak, ea aurrera ere izaten dugun tresna honen doinuak entzuteko aukera.
Herrian gertatu direnak bakarrik ez dute eragina gure txoko honetan, erbestetik datozenak ere eragina baitute eta ezin aipatu gabe utzi. Esaterako, gure pinudi berdeak kaltetzen ari den espora ere erbestetik etorri omen da. Itxura tamalgarrian jarri dira gure basoak, onddo hau dela eta. Basoek zuten berdetasuna galtzen ari dira eta lehengo itxura berriro hartzerako luze joango dela seguru nago.
Hori gutxi balitz gure erle ontziak jasaten ari diren erasoa ere hor dago, munduaren bestaldetik etorritako erle Asiarra omen da errudun. Hau dela eta gure herriko erleak arriskuan omen daude. Eraso hauekin urte bat baino gehiago daramazkigu, baina azken urtean egin duten abantaila kezkagarria da niretzako.
Gainera ari dira esaten gure mundua berotzen ari dela eta elurrik ere ez dugula ikusten aspaldiko urteetan. Erregaiak eta erabiltzen ditugun hondakin kimikoak omen dira errudun. Arazo honetan gu ere errudunak gara, kontsumo handiko herrialdea baikara. Beti ezin errua besteen bizkarrera bota, gainera inork ez dugu gurdi honetatik jaitsi nahi eta Aizarna ez da kanpoan gelditzen arazo honetatik. Espero hiru arazo hauei irtenbidea aurkitzea beranduegi izan baino lehen.
Gizakiarentzat mundua txikia gelditzen ari da, komunikabideak eragin handia izan dute horretan. Kalteak ere eragingo zituen aldaketa honek, goian aipatu ditudanak adibidez, baina onurak gehiago direla esango nuke.
Egoera honek, mundua ezagutzeko aukera paregabeak ematen dizkigu. Lehen bide luzeak zirenak motz gelditu dira. Mundua hobeto ezagutzen dugu eta edozer gertatu bezain azkar mundu guztiko albisteak, etxeko egongelan edo mugikorrean dauzkagu. Mundua azkar aldatzen ari zaigu eta adinean aurrera goazenei zaila egiten zaigu abiadura honi jarraitzea.
Sartu garen 2019. urtea hobea izan dadila eta ondo igaro dezagula guztiok.
Jon Egiguren