Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

Abuztuko egun bat Aizarnan

Abuztuko egun bat zen eta oporretan nengoen, goizean jaiki eta beti bezala leihotik Aizarnako plazara begiratu nuen. Gero zerura eta dena urdin zegoen, laino izpirik ez zen ikusten. Egun paregabea zetorrek pentsatu nuen, gainera lanera joan beharrik ez.** "Hau dek eguna bota behar dudana” pentsatu nuen.**

Plazara begiratu eta emakume batzuk ikusten nituen tertulian, eguneroko errekaduak egin eta herriko gora-beherak elkar trukatzen. Bi edo hiru txakur kalean gora eta behera eta kotxe batzuk herria zeharkatzen.

Herri txiki bateko bizimodu lasaia nabaritzen zen, zegoen isiltasuna kotxeek bakarrik puskatzen zuten. Baina ez pentsa, kaletik kotxeak pasatzean ateratzen duten zaratak ez gaitu urduri jartzen Aizarnarrak.

Puertokoan egunkaria hartu eta plazako panpano azpian dauden eserleku batean jarri nintzen egunkaria irakurtzen. Bi orri irakurtzerako autobus txiki bat sartu zen herrira, plaza barrenean gelditu ondoren bertan aparkatu zuen. Mikrobusa deitzen diogun hoietakoa zen, bertatik jende talde bat irteten ikusi nuen, argazki kamerak zintzilik eta janzkerak ikusita mendizale itxura hartu nien.

Batzuk Elizari begira eta beste batzuk plazara sartu ziren, bueltan dauden etxeak duten itxurari begira eta presarik gabe zebiltzan gora eta behera.** "Hauek seguru bide okerra hartuta iritsi direla hona” pentsatu nuen.**

Tarteka begirada egiten nien eta halako batean konturatu nintzen soldaduska batera egindako lagun bat zegoela taldean, eta berehala gerturatu nintzen berarengana eta egoera honetan ohizko galdera egin nion. " Zer egiten duk hik hona etorrita?”. Erantzun beharrean beste galdera bat egin zidan."Hi hemengoa al haiz? "bai, ni hemengoa nauk motel" eta jarraian buruan nuena aipatu nion, " galduta etorri altzerate hona edo zer?”, “Ez, ni Meatzaritzaren Museo elkarteko kidea nauk eta bidaia kulturalak antolatzen dizkiagu. Museoak, erakusketak, meatokiak edo gai honekin lotuta diren tokiak ezagutzen ibiltzen gaituk”, erantzun zidan. "Kontxo, Aizarnak dituenak ezagutzera etorri haiz orduan, aholku bat emango diat: sasi artean kontuz ibili hadi behintzat, dena urratuta etorriko haiz bestela eta”, esan nion. Eta berak: "Hi hemengoa haizela esan ez didak ba, eta ez dakik oinezkoentzat bide gorriak ireki direla meatokietaraino eta ibilbide kulturalak antolatzen direla, Aizarnak meatzaritzan izan duen garrantzia ezagutzera eman ahal izateko, bailarako beste ezaugarri nagusiekin batera".

**"Hau duk hau, seguru natxiok Zeraingo herriarekin nahastu dutela hauek herri hau”, pentsatu nuen.** Baina berehala neska bat jende taldeari deika "hamabietan sartuko gara erakusketa ikustera, eta gero meatokietarako bidean, herri honek izan duen iragana ezagutzeko aukera izango duzue. Jarraitu niri".

Nik ere taldearekin jarraitu nuen, gela batean sartu ginen eta tresneria ugari zegoen bertan, baserrikoak, oihalgintzan erabilitakoak, altzariak egiteko arotzak erabilitakoak eta meatzariek erabilitakoak ere ugari zeuden bertan.

Hormetan berriz plano ugari zeuden zintzilik, meatokien kokapena erakutsiaz eta minerala nondik nora garraiatzen zuten ere garbi azaltzen zen bertan. Irudi edo tresnaren bat ondo ulertu gabe gelditzen bazen, laster argitzen zituen zalantzak neska gidariak.

Gelatik irten eta ardiak bezala denak bide gorria hartu genuen "eliz-bera", meatokiak ikustera. Bidean goazela kare habi dotore bat zegoen bide ertzean eta albora iritsi ginenean, gidariak hitz egin zuen denak entzuteko moduan: "geldialdi bat egingo dugu hemen, honelako egoki zaindutako kare habi asko ez dira Euskal Herrian eta izan duten garrantzia ezagutuko dugu bertan”.

Eraikuntza hau zertarako erabili zuten bailarako baserritarrak, nola egiten zuten karea eta soroan egiten zuen onura azaldu zigun hitzaldi txiki batean. Merezi zuen hitzaldiak. Bazirudien bertan lanean jardundakoa zela.

**“Urruti al zeudek meatokiak?”** galdetu ziran lagunak bidean goazela, “bat hemen alboan zegok eta besteak berriz bi edo hiru pausotara. Lasai mutil, segituan iritsiko gaituk eta” esan nion. Paisaiari begirada bat egiterako iritsi ginen meatokietara, sarrerak garbi garbi zeuden eta barrura sartzeko ere ez zegoen eragozpenik, karburuzko farola ugari zeuden zintzilik nahi zuenak piztu. Garai bateko meatzariek sentitzen zutena sentitu ahal izateko!

Barruan, meatzariek nola egiten zuten lan argitu zigun gidariak, zer motatako minerala ateratzen zuten bertatik, Grisuzko gasarekin zeuzkaten arriskuak, argi indarra iritsi arte bertara eta abar, errail gainean mineralez betetako gurdi bat ere bazegoen ikusgai. Taldeko ausart batzuk nahiko aurrera sartzen hasi ziren, baina gidariak arriskua ikusita debekatu egiten zuen.

**“Zer gauza polita eginda dagoen hemen”** esan zidan lagunak, "bai, baten batek lan ugari egin dik”, erantzun nion. Eta biak gustora irten genuen zulotik ikusi eta sentitu genuen guztiarekin. Elkarren artean iritzi batzuk trukatu ondoren, taldea zenbatu zuen gidariak ardiak bezala eta denak Aizarnara iritsi ginen eguerdirako.

Iritsi eta gustora nengoen egindako ibilbidearekin, baina ez zuen asko iraun, kamioi baten zaratak esnatu ninduen eta. Salto batean plazara begiratu nuen leihotik, baina ez zegoen inor bertan, zerua ilun ilun eta euria ari zuen hemen askotan egiten duen bezala. Dena den ez nintzen batere haserretu, beti amets txarrak nola egiten ditudan, ba oraingoan "Hau dek hau amets polita egin dudana” pentsatu nuen. Lagun bati kontatu nion gertatukoa, eta honela erantzun zidan: "amets batzuk egi ere bihurtzen omen dituk, akaso hiri parean tokatuko zaik".

Jon Egiguren

Danbolin aldizkariak argitaratua

Joan artikuluen zerrenda osora>