Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

ARROA GOIKO ERLOJUA

Santa Engraziako auzolan taldea, Arroa Goian zegoen dorreko erlojuaren zaharberritzeko lanak egiten ibili da. Nik ere talde honekin egin dut lan eta esan behar gustura egin ditudala lan hauek.

1976. urtean konponketak eginda zituen erlojuak, hala esaten zuen behintzat erantsitako idatzi batek. Idatzi honen arabera Paulo Tellabide eta Jose Nieves izan ziren lan hauen arduradunak.

Egia esan lan politak egina zituen erloju honek, ardatz gehienetan brontzezko kaskiloak kendu eta errodamenduak jarri zizkioten. Mekanizatutako pieza modernoak ere ezarri zizkioten.

Erloju zahar hau dorrean geldirik zegoen, baina olio eta grasa pila bat zuen bere azaleran eta honek ez dio herdoilari lan egiten utzi. Zainketa hau dela eta ez du kalte handirik izan tresna honek.

Ikusi ditut bestelakoak ere, zainketarik gabe eta egoera tamalgarrian alegia. Zainketarik ezean tresna hauek berehala hartzen dute txatarretarako bidea; penagarria benetan.

Jatorrian zuen itxura zerbait galduta zuen pieza modernoak ezarri ondoren. Lanean jarraitzeko egingo zizkioten egia esan, eta lortu ere bai helburua, ondoren urte pila batean lanean aritu baitzen.

Erakusleihoan kokatzeko, hasieran zuen ezaugarri bera lortzea zen gure nahia eta lortu ere egin dugula esango nuke. Horretarako mekanika modernoarekin egindako piezak kendu eta hasieran zuen itxura bera ezarri diogu.

Herriko etxean kokatu dute ondare hau, kokapen egokia nire ustez, auzora joaten den edonork ikusi bailezake horrela. Arroa Goiari balio erantsi bat ere ematen diola esango nuke.

Albiste hau Diario Vasco egunkariak ere argitaratu zuen eta berau erantsiko dut lerro hauen ondoren. Idatzi honetan erloju honen historia irakur liteke eta egin ditugun lanak ere zehazki azaltzen dira bertan. Beraz, irakurri Arroa Goiak duen ondare honi buruzkoak, ezagutzea merezi du eta.

Jon Egiguren

=============================================================

Diario Vasco egunkariak argitaratua

Sara Utrera

Santa Engtaziako auzolan taldeko hainbat kideak, Zestoako alkate Mikel Arregirekin batera,erlojuaren aurrean

=====================================================

Zestoa: Santa Engraziako auzo lan taldeak Arroako kanpandorreko azken erloju mekanikoa zaharberritu du,Zestoako Udalaren eta Arroa Goiko auzo elkartearen babesarekin.

1862ko erlojua uztailetik aurrera Arroa Goiko Herri Etxean dago ikusgai.

Arroagoiko erlojua 1860 urtekoa da, 1862an jarri zuten elizako dorrean, eta 2003. urte ingurura arte aritu zen ordua jotzen, erlojua mekanikoa izatetik elektronikoa izatera pasa zen eta. Hala, azken ia hogei urteotan geldirik egon da, baztertuta, berritzeko erabakia hartu zuten arte.

Zaharberritze-lanak amaitu ondoren, erlojua herritarren begi-bistan dago uztailetik, Arroagoiko Herriko Etxean.

Zestoako alkate Mikel Arregik eta Santa Engraziako auzolan taldeko kideek azaldu dutenez, erlojuarekin zer egin eztabaidatu ondoren, iaz erabaki zen ondare hori berreskuratzeko lanei ekitea. Horretarako Santa Engraziako ermita eta inguruak zaintzen auzolanean aritzen den taldearekin jarri ziren harremanetan eta, 2022ko urrian berritzeko lanekin hasi ziren.

Manuel Arregi, Jon Egiguren, Pablo Tellabide, Juan Sagarna, Jexux Larrañaga, Jexux Ilarramendi, Xanti Zabala eta Joxe Manuel Goenaga aritu dira erloju mekanikoa zaharberritzeko auzolanean. «Ez gara erlojugileak, ez historialariak, mekanikan esperientzia duen jendea gara, eta dibulgazioan ere aritzen dena. Gure esperientziarekin, berriro martxan jartzea lortu dugu eta XIX. mendeko erloju honen datu interesgarriei buruzko informazioa bildu dugu ere», azaldu du taldeko kide den Manuel Arregik.

Zugaztitarrek egina

Arroako kanpandorrean jarri zuten azken erloju mekanikoa 'Por Zugasti e hijo. Bilbao año 1862' dauka itsatsita metalezko xafla biribil batean, eta Jose Manuel Zugasti eta Faustino Balentin Zugasti aita-semeek egin zuten. Egitura aldetik, bi atal nagusi ageri zaizkio: mugimendu atala edo erloju beraren muina eta soinu atala edo kanpai-hotsen eragilea. Orduak eta ordu erdiak soilik jotzen zituen Arroako erloju zaharrak, eta erlojuaren erritmoa markatzeko hiru metro inguruko pendulua dauka.

Santa Engraziako auzolan taldeko kideek azaldu dutenez, 2003. urtera bitartean hainbat konponketak eta mantentze-lanak egin dira, besteak beste, 1976an egindakoa. Orduan, gainera, Pablo Tellabide taldeko kideak parte hartu zuen (Jose Nievesekin batera).

Berritze eta egokitze lanetarako, jatorrizko itxura eta piezak ahalik eta gehien mantentzen saiatu dira. «Erlojua martxan jarri eta ahalik eta gutxien inbaditzen saiatu gara», adierazi du Jon Egigurenek. Garbitze orokor bat egin zaio, erlojua piezaz pieza desmuntatu da, baita burdinazko armazoia ere. Garbitu eta ondoren, pintatu egin da lehendik zuen kolorera hurbiltzen saiatuz; gainerako brontzezko eta burdinezko piezei kapa bat eman zaie; «Aurreko konpoketaren batean jarritako errodamenduak hondatuak zeuzkan eta brontzezko dozena bat ardatz-zorro jarri zaizkio», diote.

Kremailera teinkatzeko kontrapisuaren ordez pletina bidezko gailua jarri zaio eta egurrezko eukarri berria egin zaio. Lan horiez gain, «itxura ahalik eta errealena emateko», hainbat egokitzapen egin zaizkio. Kanpandorreko erloju esfera, hiru metro inguruko ardatz baten bidez mugitzen zuen erlojuak. Orain mekanismoa erlojuari berari itsatsi zaio, eta esfera berria jarri zaio, kanpandorrean dagoenaren simulazioa moldatzeko. Eta kanpai sistemaren mekanismoa ikusarazteko, kanpai txiki bat ezarri zaio; «horrela, erlojuaren funtzionamendu osoa argiago ikusiko delakoan», azaldu dute. Berritzeko lanak 2023ko martxoan amaitu ziren.

Hirugarren erlojua

Santa Engraziako auzolan taldeak zaharberritzen duen hirugarren erlojua da. Lehenengoa Santa Engraziakoa izan zen; erlojua berritu eta ingurua eta ermita bera egokitu zuten. Orduan, 2016.an, jaio zen, hain zuzen, ermitaren izena daraman taldea. Bigarrena, Zestoako erlojua izan zen eta hirugarrena Arroagoikoa. Berritze-lanez gain, taldeak hiru erloju horien historiari eta datuei buruzko informazioa bildu ditu. Horiei buruz jakin nahi duten guztiek Udalaren web orrian egin dezakete; besteak beste, irudiak ikusi, lanen inguruko informazioa, datuak, sortzaileei eta haien informazio-iturriei buruzko informazioa irakur dezakete. Arroagoiko erlojuaren kasuan, hurrengo estekan aurki daiteke: https://www.zestoa.eus/eu/arroako-erlojua. Udalaren izenean, Zestoako alkate Mikel Arregik eskerrak eman dizkie taldeko kideei eta ondare hori berreskuratzeko egindako lanari balioa eman nahi izan dio.

Arroa Goiko 1862ko erloju mekanikoa, zaharberrituta.S.Utrera

Joan artikuluen zerrenda osora>