AMALDAKO AURKIKUNTZAK
Asko aipatzen ditugun EKAINeko leize zuloak, oso balio handiko margo eta aztarnak omen ditu, historiaurreko gizakia ezagutzeko, eta erreplika baten bitartez miretsi ahal izango ditugu guztiak.
Maila berean ez izan arren Aizarna bailarak ere baditu historiaurreko aztarna ugari bere leize zuloetan.
Leize horietatik jaso eta aztertutako osagaiak oso interesgarri bezala katalogatuta dituzte antropologoek.
Egaña mendiko hegalean kokatzen dira gehienak. Amalda izenez ezagutzen dira lau edo bost, Arbelaitz izenez beste bi edo hiru (Haitz Oita, Koba txiki, Erralla, Agor erreka, Aztui gain eta abar. Aipatu ditugun leizeetan dauden aztarnak, historiaurretik hasi eta erromatarren garaira artekoak dira.
Lehendabiziko gizakien aztarnak orain dela 27.000 mila urtekoak omen dira gutxi gora-behera, Musteriense garaikoak, ondoren Perigordiense garaia dugu, gero Solutrensea, Kalkolitikoa etab., Erromatarren garaia bukatu arteraino.
Laborategietan karbonoarekin egindako analisiaz egiaztatu dituzte aurkikuntzak. Analizatu eta egiaztatu dituzten erabilgarriak ugari dira: harri landuak gehienbat ehiza lortu eta puskatzeko erabiliak, alea puskatu edo igotzekoak, aizkorak, jaurtigaiak... Hezurrarekin landutako aldiz zulagarriak, orraziak, apaingarriak eta abar.
Aro horretan badirudi uda garaian erabili zutela gehienbat Amaldako zuloa, ehizean lortutako animalien adinaren arabera egiaztatzen digute data hau. Mendiaren hegal hau oso maldatsua izanik, gure arbasoek leku hau aukeratzea ez da izan kasualitatea, ehiza begiztatu eta harrapatzeko egokia zelako baizik.
Amaldako leizean janari gisa erabilitako ehiza motari begiratzen badiogu, gaur egunean bailaran ditugun animalietatik ez da mugaketa handirik ikusten: ahuntzak, ardiak, basurdeak, zaldiak, behiak eta abar. Izokin edo salmonido motako arraien aztarnak ere ikusten dira, badirudi garai haietan izokinak bazirela Granada errekan.
Brontze garaiko aztarnak ere badira Amaldan, garai horretan urtutako brontzeekin egindako erremintaren bat edo beste ere badira jasoak. Nabaria da erromatarren garaian ere bazirela biztanleak leize horietan, artzainen bizileku edo estalpe behar bada, garai horietako zeramikak, haurrak hilobiratzeko erak, eta diru edo txanponak ikusita.
Erromatarren garaiko aztarnak ere erakusten digute zerbait bailarako biztanleetaz, nahiz eta beraien kultura zenbateraino finkatu zen ez nabaritu. Dena dela garbi ikusten da erromatarrek praktikatzen zuten erlijioa ezagutzen zutela bailaran, eta beraien erritoak edo ohiturak erabili ere bai.
Zestoan antropologiako museo baten proiektua dugunez, aurkikuntza horiek miretsi eta ezagutu ahal izatea egokia izango litzateke denontzat, horrela bailarak izan duen eboluzioaz zerbait gehiago ezagutzea lortuko dugu denok.
Atapuerka, Altamira, Santimamiñe, Lezetxiki, Ekain, Amalda eta abar. Denak dira baliagarri zientziaren bidez gizakien eboluzioa ezagutzeko. Eboluzioaren bide hori osoan ezagutzeko,zati batzuk falta ditugu oraindik, baino zati horiek osatzean, ez al da Adan eta Ebaren historioa aldatu beharko?
Jon Egiguren