AMABIRGINAK AIZARNAN (2008)
...........................
Beste urte bat igaro da eta Amabirjinak iritsi dira Aizarnara. Urte osoan gorputzari erantsi dizkiogun zamak botatzeko egun egokiak dira hauek eta, opor garaian ospatzeak lagundu egiten du, gainera, helburu hau lortzen.
Egunak hurbiltzean nabaritu zen jai giroa: herritar batzuk sardina-jana antolatu zuten herriko enparantzan eta bertara inguratu ziren guztiak bete zuten sabela doan; jarraian, berriz, oilasko biltzeko bideo erakusketa egon zen pilotalekuan. Ekintza hauek sortu zuten behar zen giroa.
Amabirjin bezperan, Gorritiren animaliekin jolastu zuten herriko txikienek jaiei hasiera emanez: oilarrak, basurdeak, astoak, poniak, zezenak… Batzuk atera eta besteak sartu, mago baten txistera zirudien Gorritiren kamioiak!
Gazte eta ez hain gazteek, berriz, afari herrikoia egin zuten, urtero bezala. Afariak ez zuen aitzakiarik, baina eguraldiak… Noizko berotu! Negurako txamarrak ere gutxiegi izan ziren! Eskerrak ardo eta janariari! Abuztu erdiko euri hotzak ez zien asko lagundu afaria antolatu zuten gazteei, baina ederki gainditu zuten arazo hori ere. Eta jarrai dezatela horrelaxe urte askoan.
Amabirjin egunean txistularien kalejirak esnatu zuen herria meza nagusira joateko orduan. Meza ondoren, pilota partiduak herriko bikotea lehian ikusteko aukerarekin. Ondoren, txikiteoa, ohi baino laburragoa bazkari osteko herri-kirolak ikusi ahal izateko.
Aizarnan, herri-kirolak beti gustora ikusten dira. Eta lehian herritarrak badira, oraindik eta gustorago. Aurten, ordea, laguntze lanetan bakarrik ikusi ahal izan ditugu. Kirolariek erabilitako tresnak jaso ondoren, trikitilarien saioa: zaleak dantzan, jo eta ke, eta begirale asko bazterrean, beti bezala.
Azken egunean ospatzen den oilasko-biltzeak asko janzten ditu urteroko jaiak eta aurtengoan, gainera, inoiz baino gehiagok hartu dute parte. Azken urteetan gora doa oilasko-biltzean parte hartzen duten txiki eta gazte kopurua eta ikuskizun polita ematen digute. Euren umore ona ikusleengana zabaltzen dute beti.
Jaiei amaiera emateko, Kupela taldearen saioa. Taldearen jarraitzaileek eta herriko trikiti zaleek plaza osoa bete zuten. Arin-arin eta dultzemeneorik ez zen falta izan goizaldera arte.
Jai atseginak igaro ondoren, herri gutxi batzuk bakarrik duten lasaitasuna itzuli da berriro herria eta patxada hori gozatzeko aukera dute urte osoan aizarnarrek.
Jon Egiguren
Danbolin aldizkarian argitaratua