ALZOLARAS JAUREGIA ETA AIZARNA
Koronabirusaren itxialdian irakurri dut, “La Casa Alzolaras Suso en Guipúzcoa Siglos XIV-XVIII” izenburua duen tesia, Alejandra Patricia Millan de Silvak argitaratu zuen 2017. urtean eta esan behar asko gustatu zaidala.
Alzolaras, Aizarnak duen jauregi bakarra izanik, honen historia ezagutzeko saiakera batzuk eginak ditut lehen ere, orain tesia irakurri ondoren zerbait gehiago dakidala ezin ukatu. Irakurtzean Aizarnarekin lotura duten gai eta pasarte berezi batzuk azpimarratu ditut, lerro hauetan aipamen txiki bat egin ahal izateko..
Etxeari begiratu eta egun egoera tamalgarrian ikusten da, baina jauregi dotore bat izandakoaren itxura nabaria du oraindik. Jauregia eraiki aurretik defentsarako dorrea omen zen, arma ugari barruan zituela: arkabuzak, pikak, ezpatak eta abar, XVIgarren gizaldian dorrea kendu eta jauregi bihurtu zuten arte.
Eraberritze honen arrazoia baliteke izatea, Ganboinoen eta Oñazinoen arteko gerrak amaitu eta ahaide nagusien eragina gizartean gogor jaitsi zelako. Bestalde hiri- bilduak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten, berauek sortzen zuten merkataritzari esker.
Alzolaraskoak ere ikusi zuten etorkizuna ez zegoela ahaide nagusien eskutik eta garai berrietara egokitzeko, hirietako merkataritzan sartu ziren buru belarri.
Alzolaras de Suso izenarekin 1542. urtean sortu zuten maiorazkoa, horretarako etxeak zituen ondareak aurkeztu zituen. Beste ondareen artean, Urdaneta eta Aizarnako ondareak ikusten dira gehien bat eta gehitu egin behar etxetik hurbil dituen errota eta burdinola. Aizarnan aurkezten dituen ondareen artean hauek ikusten dira: Pagaldeko lur sailak, Sustraiaga, Benezia izenarekin bi etxe eta eliza barruan dituen 7 hilobi, gehi Arrosarioko Amabirjinari eskainitako kapera.
Ondorengo urteetan baserri gehiago ere ikusten dira jauregiarenak: Pagalde- zubi, Elurre Berri, Aranguren eta abar. Torre-aldea eta Florencia baserriak ere jauregiarenak bezala aurkezten ditu, baina, nik ez ditut ezagutzen baserri hauek Aizarnan. Desagertu egin ote dira?
Aipatzen den Elurreberri etxea, gaur Martiñanekua bezala ezagutzen da.
Maiorazko honen jarraipena finkatu nahian, arau zorrotzak ezarri zituzten, agintea hartu behar zuenarentzat, hauek batzuek: Ezin zuen ez apaiza ez elizgizona izan, ezta mutua ere; ez gaizkilea, atxilotua, “bastardoa” “mentekatoa” “inpotentea”, 25 urte aurretik aitaren baimenik gabe, arlote, mairu edo juduen jatorria zutenekin ezkondua ere ez, aitaren baldintza ekonomikoak onartu behar zituen ezkontzerako, eta gainera sekula ezin saldu maiorazkoak zituen ondareak.
-Mentekatoa (ergel edo lerdoa).
-Bastardoa (sasikumea)
-Inpotentea (Sexu bitartez ugalketa ezindua)
Inpotentziarekin lotuta badute Alzolarakoek pasarte berezia bat. Francisco Idiáquez y Alzolarasko oinordekoak, maiorazkoa hartu behar eta ezkontza bat antolatu zioten; ezkondu ere bai, baina andreak berehala inpotentea zela leporatu eta ezkontza desegitea eskatu zuen.
Ahaleginak egin zituen epaitegietan ezkontza ez desegiteko, diru asko baitzegoen jokoan. Azkenean Loiolako Inazioren dorretxera jo omen zuen, “exorzismoa” egin ahal izateko, bertan adierazten denez. Saio batean txerrikeri asko bota zuela ahotik eta sapo itxurako irudi bat ere bai, hala argudiatu omen zuen epaitegian.
Deabruak hartuta zegoela eta “exorzismo” honen ondoren sendatu zela, argudio honekin aurkeztu zen epaitegian. Baina ez zioten onartu eta ezkontza bertan behera gelditu zen. Urte batzuk geroago gizon honen ondorengoak ikusten dira, beraz ez zen inpotentea izango.
Sasikume kontuetan ere Alzolaraskoak ez dira libratzen, Oñatiko sasikume batetik omen dute jatorria. Esteban de Garibai historiadoreak hala egiaztatzen du, eta honek zerbait bazekien horretaz, bera Arrasaten jaioa zen baina Oñatiko Guebaratarren jauregian baitzuen jatorria.
Bastardo jatorria zuten etxeek, ezkerrera begira omen zuten armarria eta kasu honetan eskuin aldera begira ikusten da, sorreran aurkeztu zuten pergaminoan behintzat. Agian ezkutatu egin nahi zuten? Baina, hara nola, Aizarnako kaperan dagoena ezkerrera begira ikusten dugu.
Aizarnan bazekiten nonbait etxe honen jatorria nondik norakoa zen eta honela jarriarazi zioten nonbait edo beraiek ez ziren ausartu, tokatzen ez zitzaiena elizako kapera sakratuan jartzera. Bakoitzaren iritzira utziko dugu.
Jauregi honetako jauntxoen azken nahia, Aizarnako elizan lurperatzea izaten zen eta gehienak hala egongo dira gainera, urteetan zehar lotura zuzena ikusten da parroki honekin. Urdanetako eliza ere berea zuten, baina hilerria izateko eskubidea berandu lortu zuten Iruñako Gotzaindegitik.
Begiratu Pedro Ignacio Vélez de Idiáquez y Alzolarasen 1678. urtean egin zuen testamentuari, Aizarnan duten hilobian lurperatzea eskatzen du. Baita ere hilobiratzeko elizkizunetan, Aizarnako elizak dituen kapera bakoitzean meza ematea eta aurrerantz bere arimaren alde 1000 meza eskaintzea.
Benezia baserriak duen beheko solairua, pobre eta ezinduentzat egoitza izaten jarraitzea. Baita ere Beneziako errenteroak arduratzea egoitza zaintzeaz, gehi kapera eta bertako argiaz ere berdin.
Egoitzako gastuei aurre egiteko, Aizarnan duen Torre-aldea etxeko errenteroek ordaintzen duten dirua erabiltzeko esaten du. Eta kapilauak urtean jasotzen duen diru saria Elurreberri etxeko errenteroen dirutik ordaintzea. Kaperan eta egoitzako zapiak berritu edo gastuei aurre egiteko Aranguren baserriko errenteroak ordaintzen duen kopurua erabiltzeko adierazten da.
Azken nahi hauek, egoki bideratu eta kunplitzeko arduraduna, Aizarnako parrokiko zuzendaria izendatzen du. Hauez gain beste pasarte gehiago ere ikusten dira Aizarnarekin lotura dutenak, baina oraingoz nahiko izango delakoan nago eta beste baterako utziko ditut.
Goian aipatu bezala, nahiz eta Maiorazkoa 1542. urtean sortu, Alzolaras etxea eta burdinolak askoz lehenagoak dira, XII-XIIIgarren gizaldian aipatzen dira berauek, Alfonso VIII Erregeak Mairuak atzerriratzeko borroka batean.
Alzolaraskoen istorioa luzea da eta pertsonai ospetsu asko eman dituen etxea ere bai. XII-XIII garren gizaldian hasi eta XVIIII garren gizaldian amaitzen da, maiorazkoen pribilejioak amaitzean.
Egun bailara honetako aztarnak agerian dauzkagu nahi duenak bisitatu, baina ez pentsa garai batean egon zen mugimendurik ikusiko duenik.
Jon Egiguren