AIZARNARAKO PLANA
Aizarnan izan berriak dira ordenagailuaren erabilpena menderatzeko ikastaroak, “Mendikoi” erakundeak udaletxea bitarteko dela antolatuta hain zuzen ere.
Ikastaro honetan 15 biztanlek hartu dute parte. Zernolako emaitzak lortu dituzten zehatz ez badakigu ere, aurrera begira ordenagailua gero eta gehiago erabiliko dugun tresneria izanik, hauek erabiltzen ikastea ez dutela kaltegarri izango esan behar da. Komunikazio aurrerakoien barruan lehendabiziko ikastaroa izan da Aizarnan, beste arlo batzuetakoak ere ongi etorriak izango dira.
Bestalde erakunde honek berak herri txikiak berpizteko duen plangintzaren barruan, Aizarnari begira eginik duen txostena aurkeztu zuen herri elkartean. Txostenaren arabera badirudi Aizarnak balore handiak dituela berpizterako garaian: ingurugune egokia eta ondo zaindua, herriaren kokapen egokia, turismoarentzat egokia den antzinako eliza, ermitak, eta ostalaritzarako ere badira toki egokiak.
Baina auzo honek dituen hutsuneak ere ez dira gutxiago txosten honen arabera, gaur egungo biztanleari dagokionari begiratzen badiogu, zerbitzuen arloan gehienbat behar bada. Dena den txosten hau herri elkartearen bulegoan dago inork irakurri edo aportazioren bat egin nahi balioke.
Aizarnan bizitzen gelditu nahi duten gazteek etxe bizitzak eraikitzeko dituzten arazoak gainditzeko, prest azaldu zen erakundea, herrian dagoen etxe bizitzen eskaera ikusi ondoren, udaletxeari azaldu eta herritarrei ekintza bideratzen laguntzeko.
Etxe bizitzen arazo hau zuzentzeko ekimen hau nahiko atzerapenarekin dator herrira, lehenago ere gazte talde batek ahaleginak egin ondoren arazoak gainditu ezinik utzi egin baizuten ekimena alde batera. Oraingoan, zinegotziaren arabera, badirudi gai honetan bustitzeko prest dagoela udaletxea.
Aizarna berpizteko “Mendikoi”erakundeak txosten egoki bat osatu duela dirudi. Aizarnarren iritziak jaso eta gero, aurrera eramatea ez da izango erraza, baino bideak irekitzen hasteak ere ez duela gutxi balio azpimarratuz amaituko dugu.
Jon Egiguren