Aizarna.com

Herri txiki bat, denontzat

2022.urteari begira

Joan zaigu 2022 urtea ere, eta berriaren hasiera garai egokia da zaharrak utzi dizkigun ondorioak aztertzeko. Norbanakoak gehi gizarteak utzi dizkigunak aztertu eta emaitza hauek seguru lagunduko digutela utzitakoak gainditzen.

Azken bi urteak gogorrak izan dira. Derrigorrez musukoak erabili beharrak elkarren arteko hartu-emanak kikildu egin dizkigu denoi. Dena den egoera honetaz ahazten hasiak gaude, birusa gure artean ibili arren. Gehiengo batek txertoa hartuta duenez gure egunerokoan lasaitasuna lortu da.

Pasa den urteari buruzko gogoeta egitea ez dakit baliagarria izango den denentzako, baina nik urtero egiteko ohitura dut. Lagungarri gertatzen zaidala esan beharra daukat. Dena den, aholkuak emateari utzi eta 2022 urteak Aizarnan utzitakoari egingo diot begirada bat. Urte gogorra izan da denontzako, baina hala ere orokorrean onurak gehiago izan direla esango nuke, eta berauek aipatuko ditut lehenbizi.

Hasteko esan behar jaiak eta ohiko ekintza guztiak itzuli direla lehen zuten normaltasunera. Hauxe bakarrik ere ez da gutxi ikusi ditugun zailtasunak ikusi ondoren.

Aipatu gabe ezin dut utzi aurten jarri duten garraio publikoa ere, orain Aizarnako biztanleek beste aukera bat dute herritik irteteko. Ez dakit nahiko bidaiari izango duen honelako garraio bati eutsi ahal izateko, baina beste aukera bat gehiago dutela herritarrak ezin ukatu.

Normaltasunetik irteten duten pasarteak aipatzen ditudanez, aipatu beharrekoa maiatzean Aizarnako bost haurrek egin zuten lehen jaunartzea ere, aspaldian honelako jaunartze kopururik ez baita gertatu Aizarnan. Haurrak aipatu eta eskola aipatzea dator, berauek eskolan izan duten Aitor Zeberio zuzendariak erretiroa hartu zuen ikasturtea amaitzean. Urte pila bat zeraman Aizarnan eta ekitaldi bero batekin agurtu zuten bai ikasle bai gurasoek.

Bestalde, Antxieta taldeak argitaratu duenez, aurkikuntza aipagarriak ikusi ditugu igaro den urtean, Amalda III deitzen diogun kobazuloan. Kobazulo horretan Neanderhtalek harrizko industria zutela agerian jarri dute, eta gizaki hauek nola elikatzen ziren ere bai. Aurkikuntza hauek oso interesgarriak dira eta gainera balio erantsi bat ematen diote Aizarnari.

Kirolak ere izan du bere arrakasta herrian, urtea egoki borobildu dute Jagoba Otaegik eta Amets Aranbarrik. Otaegi pentatloian pauso handiak ematen ikusi dugu, eta Aranbarri, parte hartu duen lasterketa gehienetan, lehen postutan sailkatu da. Aizarnan urteko kirolari onenak aukeratzen hasten bagara, aurten hauek hautatuko lituzkete.

Baita ere, igaro den urteko hiru egunetan zehar Hollywood bihurtu da Aizarna eta hau ez da urtero gertatzen. Aktore, kamara eta berauen tresneriaz beteta ikusi dugu herria. Carlota Peredak zuzendutako luze-metraia baten grabaketak egin dituzte bertan eta honek ere onura besterik ez duela ekarriko esango nuke. Aizarna erbestean ezagutzeko baliagarria izango delakoan alegia.

Igaro den urtean oraindik gauzatu ez den beste egitasmo baten aurrean ere ugari hitz egin dugu, naiz alde edo kontra izan. Egitasmo hau Noruegako Statkraft enpresak Sañu gainean eolikoak jartzeko aurkeztu duen proiektua da.

Denok dakigu gaur, energia sorgailuek fosil organikoak erabiltzen dituztela, garraiatzeko erabiltzen ditugun moduek bezala, Guzti honen ondorioak agerian dauzkagu, klimaren aldaketa eta kontaminazioa dira. Ondorio hauek ikusi eta energia-iturri berriztagarriak erabiltzera behartuta gaude, lehen bait lehen hasten bagara hobe, gure lur maite honetako natura gehiegi hondatzerako.

Urteak utzi dizkigun onuren artean sartzen ditut orain arte aipatu ditudan pasarte hauek, baina denak ez dira onurak izan; ondorio beltzak ere utzi dizkigu eta barauek aipatuko ditut jarraian.

Urte hasieran sute batek Amilibia-Txiki baserria kiskali zuen eta suhiltzaileei esker atxikita zuen etxeak ez zuen kalterik jasan.

Baita ere azaroan, beste sute batek Aizarnako “Puerteko” deitzen diogun etxea kiskali zuen eta hemen ere eskerrak suhiltzaileei, atxikita zituen beste etxeek kalte txikiak jasan zituzten.

Aizarnatik asko irten gabe eta otsailean Arroa-goiko Santa Ana kaleko etxe bat ere kiskalita gertatu zen. Hemen ere suhiltzaileei esker beste kalterik ez zen gertatu. Kalte hauek igaro den urteak utzi dizkigun zorigaitzak dira eta hauek bai ondorio beltzak uzten dituztela kaltetuentzat.

Askotan entzun dut igaro den urtea “Annus Horribilis” izan dela, Europan gerra bortitza sortu du Errusiak eta irudi penagarriak ikusi ere bai urtean zehar. Bonba atomikoaren mehatxuak ere entzun ditugu, sinestezina XXI. gizaldirako. Gerraren eraginak direla medio, erregaien eta elikagaien salneurriak neurriz kanpoko igoera izan dute eta klima aldaketaren ondorioak ere nabariak izan direla esan digute, hozberoen errekorrak hautsiaz.

Adituen esanetan klimaren aldaketa gizakiaren eragina omen da, beraz erradikalismoak alde batera utzi eta saiatu gaitezen naiz erakunde publiko edo pribatu izan, gure ama lurra lehengo egoerara itzultzen. Ama lurra ez da gurea, prestatuta hartu dugu, beraz ez dugu eskubiderik hondatzeko. Ondorengoei utzi diezaiegun hartu dugun bezala edo hobetuta. Urte berri on!

Jon Egiguren

Joan artikuluen zerrenda osora>