2021.urteari begira
Amaitzear dagoen 2021. urteari, gainbegiratu txiki bat egingo diot eta hausnarketa txiki bat egin ondoren atera ditudan ondorioak aipatzea dut helburu ondorengo lerro xume hauetan.
Koronabirusaren izurritea dela eta, urte ezohikoa igaro dugula ezin ukatu, birus honek eragin zuzena izan duelako gure egunerokoan. Normaltasun gabezi handia ikusi dut kalean, muxukoa jantzita eta segurtasun-tartea gorde behar izan dugulako.Jende multzoak biltzen zituzten ekintzak ere debekatu egin dituzte agintariek.
Aizarna herri txikia izanik, ez dira jende pilaketak hainbeste nabaritzen eta eguneroko bizitza zerbait erlaxatuagoa ikusi dut, naiz eta birus honek ez duen inor bereizten, distantziak gorde eta muxukoa jantzi ezean.
Egia esan, igaro dugun urtea ez da txantxetakoa izan. Hildakoak ugari izan dira birus honen eraginez, erietxeak gainezka ikusi ditugu, atzera bota dituzte premiazko ez diren ebakuntzak Honen eragina, gaixotasuna duenaren sufrimendua luzatzea izan da.
Adituen esanetan, badirudi txertatu ez direnek gehiago kutsatzen dutela, nahiz eta berauek argudio honen aurka idatzi asko kaleratu dituzten, batik bat sare sozialetan. Argudio bat baino gehiago irakurri ditut ez txertatzeko: halanola, bakoitza librea dela nahi duena egiteko; txertoaren ondorioak ez direla ezagutzen; eta handiagoa oraindik, txip bat sartzen digutela ere irakurri dut, gizaki guztiak kontrolatu nahian.
Bakoitzaren askatasuna ederra da bai, baina argudio honekin, aldamenekoaren osasuna arriskuan jartzen denean, ez du eskubiderik horretarako. Gizartean bizi garenok arau batzuk bete behar ditugu eta nire askatasunaren izenean ezingo nuke aldamenekoaren osasuna arriskuan jarri. Adibidez, nire askatasunak ezin du besteek erabiltzen duten iturri bat kutsatu, ezta nik erretzen dudan zigarroaren kearekin aldamenekoaren birikak kutsatu ere.
Adituen esanetan bakarrik ez, geuk ere garbi ikusi dugu txertoak izan duen onura gizartea. Askatasunaren izenean honen aurka joatea, zientziari muzin egitea dela esango nuke. Zientziak eta teknologiak lortu baitituzte gaur egun ditugun aurrerapenak. eta berauei muzin egiteak nik ez diot zentzurik aurkitzen.
Birusaren aurka bezala, herri barneko segurtasun kontua da aspaldian zegoen eztabaida Aizarnan. Herriko plazan umeek jolasterakoan zeukaten arriskua zen berau. Jolastoki honek errepidea alboan du, haurrek ustekabean errepidera irteten dute eta berau babestea zen eskaera.
Niri herriko plaza ixteak ez ziren batere graziarik egiten, batik bat xarma kenduko ziola pentsatzen nuelako. Zezenen barrerak bezala geldituko zela pentsatzen nuen. Baina gelditu den bezala ikusi eta lehen zuen xarma berarekin gelditu dela esango nuke. Denetako iritziak egongo dira, baina nire iritziz nahiko babestuta gelditzen da haurren jolastokia eta honekin eztabaida amaituta gelditzen dela pentsatu nahi dut.
Aipatu gabe ezin dut utzi abenduak hiru, Azkoitian zendu den Aizarnako kirolari trebea ere. Ereņo Zaharreko Felix Peņa da berau, korrikan kirolari trebea izandakoa gazte garaian. Lehiaketa askotan hartu zuen parte eta maila polita eman zuen gainera. Aizarnako jaietan ere ikuskizun politak eskainitakoa da, nik gustura ikusten nuen behintzat. Akats handirik egin gabe esan nezake nire gazte garaiko korrikalaririk onena zela Aizarnan. G.B.
Aipatu beharreko zerbait utziko nuen seguruenik, baina luze joan ez dadin hemen amaituko dut 2021garren urteari egindako azterketa xumea. Eguberri zoriontsuak igaro eta datorren urtea normaltasunez igaro dezagula, birus madarikatu honek zapuzten ez badigu behintzat.
Jon Egiguren