2016ko Amabirjinak Aizarnan
Ospatu ditugu 2016ko Amabirjinak Aizarnan eta ez nolanahi gainera. Bazirudien lau egunetan jai giroan murgiltzea erronka handia izango zela, baina helburua ondo gainditu dela ere aitortu beharra dago. Lau egun hauetan ekintza ugari antolatu dira herrian, ikuskizun politak ere bai, begien gozamenerako eta parte hartze handi batekin gainera.
Baina hau honela gertatu izana ez da kasualitatea, herriko gazteek egin duten lanari esker izan da. Zorionak, beraz, lan egin duten guztiei.
Urtero argitaratzen dut Aizarnako jaiei buruzko laburpen txiki bat orri honetan, argazki eta bideo batzuen laguntzarekin. Aurtengoek ez dute gutxiago merezi. Herrian egon den giroa jaso eta irudikatu nahi izaten dut, hurbiltzerik izan ez duenak ere festen berri eduki ahal izateko. Beti ere nire ikuspegitik, jakina.
“Etxafuegoa” kontzejuko balkoitik bota eta honek eman zien hasiera herriko jaiei. Pilota partidu eta afari herrikoia ondoren, eta azkenik Zestoako “Rodeo” musika taldeak egin zuen saioarekin amaitu zen lehen eguna. Hori bai, esan beharra dago herri afari garaian Aizarnako plazak zuen itxura, postal batean bezalakoa zela!
Bigarren eguna haurrei eskainitako zegoen, egun osoan ibili ziren kalean gora eta behera jolasten. Ilunabarrean Jon Urbieta D.J.arekin plaza osoa umeek hartu zuten taldean dantzan eginez. Gozatu zuten ilunabarrera arte, egia da mutil honek baduela artea haurrak mugitzeko. Gainera horrenbeste txiki plazan batera dantzan ikusteak, adinekoei ere alaitasuna kutsatzen diela. Dotorea benetan plazaren irudia egun honetan ere.
Hirugarren eguna oilasko biltzaileen eguna, hauek alaitu zituzten kale eta baserriak egun osoan. Nahiz eta urtero errepikatzen den ekintza izan, honek xarma handia du Aizarnan. Hauen doinu eta dantzarik ez bada kaleetan zehar, zerbaiten hutsunea sentitzen da Aizarnako Amabirjinetan.
Aurtengoan Mayi Astigarraga, herriko neska, ikusi genuen aurreskua dantzatzen eta zagi dantzan baserriz- baserri ere bai egun osoan. Ondo ikasita zuen bere betebeharra. Lehen aldia Aizarnan neska bat ikusten dudala zagi dantzan aurrezkoa egiten eta gaztea denez, badugu dantzaria urte batzuetarako. Bejondeiola.
Egun honetarako zegoen antolatuta paella lehiaketa ere, kazuela dotoreak ikusi genituen bertan. Irabazleak Eneritz Lizarralde eta Ainhoa Sarasola, hauek erakutsi zuten sukaldaritza ez dagoela kontrajarria gaztetasunarekin. Ondoren oilasko biltzaileekin batera bazkaldu zuten mahaietara inguratu ziren guztiek eta paella egindako kazuela ondoak garbi gelditu ziren. Ona zegoen seinale eta zorionak irabazleei, merezitakoa dute eta.
Laugarren eguna Amabirjina eguna, Meza nagusia Aizarnako koruak kantuz alaituta, dantzariak eta jubilatuen hamaiketakoa goiz partean. Ondoren txikiteoa bazkal ordura arte. Arratsaldean herri kirolak eta herriko bi seme lehian ikusteko aukera izan genuen: Otaegi, Izetarekin harri jasotzen eta Txapartegi, aizkoran “Arriyarekin”, ikuskizun polita eta jende multzo handia berauek ikusten plazaren bueltan. Kirol honek beti betetzen ditu aurreikuspen handienak ere eta aurten zer esanik ez.
Egunero dantzarako aukera zegoen ilunabarrean, naiz trikiti edo lotuan, baina azken egunean zerbait berezia ikusi genuen. Erromeria alde batera utzi eta talde Andaluz batek alaitu zuen gaua. Nik ez dakit musika kontuan baina Jazza eta Flamenkoa nahastuta zituen doinua entzun genuela uste dut. Esango nuke jendea isil-isilik gustura egon zela talde hau entzuten. Dena dela, isilik bai, baina kantuak “palmaz” (txaloz) lagundu behar zirenean, jendeak lagundu egiten zuen. Niri arraroa egin zitzaidan Aizarnan flamenkoa “palma” eta guzti entzuteak, bazirudien Andaluzian nengoela. Baina gauza berriak ezagutzeak ere baduela bere xarma esango nuke.
Gure kultura eta folklorea maitatzea beharrezkoa da, baina bakarrarekin gelditzea baino aberatsagoa ez ote beste herri batekoaz ere gozatzera iristea?
Amaitzeko esan behar, eguraldiak lagundu duela egun hauetan, kaleko giroa ere oso atsegina eta alaia izan dela, beraz ezin dugu gehiago eskatu eta hurrengo urtean ere ea maila bera lortzera iristen garen.
Jon Egiguren