HERRI TXIKIETAKO BIZILAGUNEN MURRIZTEA AZTERTZEN
Denbora gutxian Euskal Herriko herri txiki, auzune eta baserriak bizilagun gutxi edo inor gabe gelditzen ikusi ditugu. Aizarna eta bertako baserriak ere egoera honen barruan azter genitzake. Egoera honen zergatia nahiko jakina da: industriaren kontzentrazioa hiri handien inguruan.
Denok dakigu egoera honen etorrerak bizimodu erakargarriago bat ekarri digula, eta bizimodu hau lehenik hiri handietara iritsi dela, herri txikiak eta baserriak baztertuta utzirik.
Egoera hau gainditzeko baserritarrak bere ahaleginak egin izan ditu kooperatibak sortuz edo bere lurrak lantzeko inbertsio handiak eginez (abereak, makinaria berria, eta abar). Hala ere gure baserriek etorkizunari begira egoera honi aurre egiteko badirudi zerbait gehiago egin beharra dagoela.
Herri txikietara begiratuz bere biztanleria gaur egun oso murriztua ikusten da, gehiengo batek bere bizimodua hiri handiago batean antolatu duelako. Hiri handiago batek baditu bere alderdi onak: lan tokiak gertu, garraiobideak, osasun zerbitzuak, ikastetxeak, eta gainera bizileku egokiak zerbitzu denak etxean dituztelarik.
Errezil, herri txiki bat, aspaldiko argazki baten
Aurrera begira ordea badirudi herri txikietako bizimodua askoz gehiago baloratzen dela, eta gaur antzinako etxeak berreskuratuta eta eraikuntza berriak eginda ikusten ditugula. Honaino iristeko, erakunde publikoak egin duten lana azpimarratzekoa izan dela esan dezakegu. Aipatzekoak dira adibidez kale eta baserrietarako bideak berritzea, ur zerbitzuak, eta horrekin batera industriak ekarri dizkigun aurrerakuntzak, garraioak, komunikazioa eta gainerako zerbitzuak edozein etxetan ditugu hiri handien parean.
Bide honi jarraituz, nahiz eta nahikoa ez izan, badirudi herri hauek berpizten hasiak direla denon onerako. Gaur egun jende asko aste buruan, oporretan eta aisialdian joaten da herri txikietara. Baina honek ez dauka beti zertan honela izan beharrik, gero eta gehiago dira eguneroko bizimodua bertan egiten dutenak hiri handietako masifikazioetatik ihesi, lasaitasunaren bila eta naturarekin gehiago gozatuaz.
Hau posible izateko, sakabanatuta dauden bailara, herri txiki eta baserriekin ardura handia eduki behar da. Udaletxe eta erakundeek, beraiek dituzten zerbitzu guztiak bultzatu eta erabili behar dituzte bailara edo auzo horiek bizimolde normalizatu bat izan dezaten, bere nortasun, ohitura eta izaerak errespetatuz.
Jon Egiguren