2001. URTEKO AMABIRJINAK AIZARNAN
AIZARNAKO 2001GARREN AMABIRJINETAKO JAIAK
Aizarnako 2001garren Amabirjinetako jaiak igaro ondoren , beti bezala emaitza ona eman dutela esan genezake, nahiz eta ez genuen garai batean bezala bezperako herri afarian asto jan batek ematen dituen energia bereziak hartu, jaiak indartsu eta umore onarekin igarotzeko.
Herri afarian asto jana egiteak Aizarnatarroi basati fama eman izan digu, baina Aizarnatarrak ezagutzen dituen orok daki hori ez dela egia. Jakin beharrekoa da ohitura hori beste herri bateko auzotik etorri zela, eta Aizarnatarrok sukaldari on bati esker lortzen genuela “kutixi” handiko afaria. Afari haietan parte hartzen zutenei galdetu besterik ez dago hau ziurtatu nahi izanez gero. Baina ez pentsa astoa abere babestua izatera pasa izana, Aizarnan egindako afariengatik izan zenik.
Gaur egun ordea burruntzian erretako arkumeak ditugu bezperako afari honetan. Eskerrak eman beharrean gaude hau horrela izan dadin lan egiten duten guztiei eta azpimarratzekoa da arkumeak burruntzian erre zituenaren lana.
Nahiz eta jaiak luzeak ez izan eta zenbait ekitaldiren falta nabaritu izan, (Oilasko biltzea, Aurreskua, eta abar) jaiak oso alaiak eta betegarriak izan zirela esan behar dugu. Haurrei dagokienean, ikuskizun ugari izan dituzte magia eta guzti, beraiek parte hartzeko aukera ugari edukiaz. Gainera ez dira motz geratu, trebetasun handia azalduaz jolas guztietan, eta oro har haur ugari inguratu zen Aizarnara ikuskizun horietara. Helduentzako berriz, herri kiroletan ikuskizun bikainak egon zirela esan beharrik ere ez dago, harri jasotzea, aizkora apustua eta trontzarekin. Ekitaldi hauek amaitzean “Xerpa” eta bere anaiak ikuskizun berezia eman zuten beti bezala. Musikari begira, dantzan egin nahi zuenarentzat ez da falta izan aukerarik, nahiz eta gaurko gazteak plazan baino nahiago izan Pub edo taberna bazterretan “eskeletoa mugitu”. Trikitiak ere izan zuen bere tokia, herriko hirukote honek badu alaitasuna. “Errotaren” bateri sofistikatua ikusgarria iruditu zitzaigun benetan, “Karterren” bertsoak berriz ez dira motzago gelditzen, eta soinu-joleak baita lagundu ere. Argazki erakusketa bat ere izan genuen bi egunetan zabalik, azkeneko urteetan zehar izan diren jaiak iruditan ikusteko aukera izanik. Jaiak bukatzean, luzatzeari ekin ziotenak ere izan ziren, egitarautik kanpora beren kale-jira propioa antolatuz umorea saltzeko sobran zutelarik. Nahiz eta herri txikietan jaiak antolatzeko zailtasun handiak egon, jende falta handia dutelako ( batez ere abuztuan, gazteak kanpora joaten baitira), zailtasun hori gaindituaz Aizarnako jaiek eman dutela beraien emaitza esan genezake. Hurrengo urtean gehiago eta hobeto! Jon Egiguren